sábado, 3 de diciembre de 2022

Euskararen eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) 1949an ezarri zuen Eusko Ikaskuntzak, baina haren ospakizuna ez zen 1995era arte instituzionalizatu, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker.

Euskararen lehen eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen, Eusko Ikaskuntzak antolatuta. Garai hartan, Espainian bizi zen errealitate politikoa zela eta, Ipar Euskal Herrian eta Ameriketako hainbat lekutan bakarrik ospatu ahal izan zen.

1995ean, Euskal Diasporaren lehen Mundu Batzarrean egindako eskaerak bere eginez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.

Ordutik aurrera, Euskararen Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da abenduaren 3an, Xabierko San Frantziskoren egunean. Santua 1552ko abenduaren 3an hil zen eta, kondairak dioenez, bere azken hitzak euskaraz izan ziren

Nestor Basterretxea euskal artistak sortu zuen, 2005ean, urteroko efemeride honen nortasun-ikurra. Harrezkero, hainbat elkarte, erakunde publiko eta herritar milaka jarduera (mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak, ikuskizunak) martxan jartzen aritu dira, hizkuntza omentzeko eta sustatzen laguntzeko.5

2010ean, Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzionala onartu zuen, hurrengo hau: Euskara euskal gizartearen ondarea da, ezinbesteko osagaia bere historian eta kulturan. Baina munduko gainerako hizkuntzak bezala, eleaniztasuna ikur duen ororen ondarea da. Hizkuntzen aniztasuna babestu nahi bada, euskara zaindu eta sustatu behar da.

Aurrerago honela zioen: Euskarak oso ibilbide luzea du, baina oso gutxi dakigu bere hastapenei buruz. Hizkuntza modernoa, egungoa eta eguneratua da, gizarteak erabiltzen jarraitu nahi duena eta arlo guztietan gero eta errekonozimendu handiagoa lortzen ari dena.
 Euskararen aldeko funtsezko akordioa 1982ko Normalizazio Legean jaso zen, eta gaur egun akordio berritua lortzeko ahaleginak egin dira. Urte batzuk igaro dira, agian ez oso luzea, baina Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen ezagutzak eta erabilerak aurrera egin dute, modu sendo eta ikusgarrian.

Testua honela amaitzen zen: Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin euskararen orainari eta etorkizunari leiho bat ireki nahi diogu, sinetsita baikaude eleaniztasunak eragin mesedegarria izan dezakeela gure bizikidetza demokratikoan eta gizarte-kohesioan.

Estimazioen arabera, ia bi milioi pertsona inguruk hitz egiten dugu
euskaraz, eta abenduaren 3an, larunbata, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario