domingo, 11 de diciembre de 2022

Aurten mundiala izan da!!!!!!


Durangoko 26. Euskal Dendak izugarrizko arrakasta lortu du, izan ere, 33.171 bisitari izan ditu 

        Bost eguneko azoka eta 33.171 bisitari, hori da Euskal Dendaren 26. edizioaren laburpena. Zenbaki horrekin, Durangon abenduko zubian izaten den artisautzaren hitzordua pandemia aurreko garaietara itzuli da. “Zifrak bikainak dira. Jendearen joan-etorriak etengabeak izan dira. Horrek guztiak eragin du artisauen lanak gustura ikustea eta erosotasunez erostea”, adierazi zuten Arbaso Artisautza Tradizionalaren Sustapenerako Elkarteko bozeramaileek.
 

    Pandemia ondoren, aurtengoa izan da murrizketarik gabe ospatzen den lehenengo azoka, baina Euskal dendaren kasuan, edukiera baten menpe dago, esparru itxi batean baitago, merkatuko plazan, alegia. Zentzu horretan, ekitaldiaren sustatzaileak zorrotzak dira zenbakiekin, eta edukiera-mugara iristen bada, ez zaio inori sartzen uzten.
 

    Egunak kontuan hartuta, asteazkenean, inaugurazio egunean, 4.298 pertsona igaro ziren, ostiralean, laneguna izanik 5.787 eta igandean 4.139 lagun hurbildu ziren. Egunik indartsuenak, bisitari gehien izan zituztenak, jaiegunetan izan ziren, ostegunean 11.089 pertsona gerturatu ziren azokara eta larunbatean 7.758. Erregistro horien baturak 33.171 bisitari ematen du, eta edizio honetako jendetzak gorenera eraman du Euskal denda.
 

        Jakina, zenbaki horiek guztiak salmentetara zabaldu dira. “Artisau guztiek ondo saldu dute. Ez da inor nabarmendu besteen gainetik. Izan ere, Euskal dendara bertaratzen diren artisauek publikoa dute eta zoragarria da denak pozik daudela ikustea”. Horrek etorkizunari aurre egiteko indarrak ematen dizkio sektoreari.
 

        Aurten 51 artisau hartu ditu Euskal dendak, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik eta Nafarroatik etorritakoak, hain zuzen ere. Aurreko edizioetako profesional kopuru bera, baina 14 berri izan dira, hau da, azokaren % 28 berritu da.
 

         Gremioei dagokienez, ehungintza izan da gehien batu duena, orotara 11 izan dira. Ez dira falta izan bitxigintza, larrugintza, imitaziozko bitxiak, kosmetika, egurra, zeramika, panpinagintza, jostailuak, euskal kirola, makramea, serigrafia, kuia eraldaketa edo lore lehorrekoa segmentuak. Nekazaritzako elikagaien sektorea ahaztu gabe, turroiak, eztia, pateak, gaztak edo gozokiak, besteak beste.
 

        Dagoeneko Arbasok 27. edizioan jarri ditu begiak, zenbaki horiek errepikatu eta produktu bakoitzean larrua uzten duten profesionalak babestera etor daitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario