Durangoko
26.
Euskal Dendak izugarrizko
arrakasta lortu du, izan ere,
33.171
bisitari
izan ditu
Bost
eguneko azoka eta 33.171 bisitari, hori da Euskal Dendaren 26.
edizioaren laburpena. Zenbaki horrekin,
Durangon abenduko zubian izaten den artisautzaren hitzordua pandemia
aurreko garaietara itzuli da. “Zifrak
bikainak dira. Jendearen joan-etorriak etengabeak
izan dira. Horrek guztiak eragin du artisauen lanak gustura ikustea
eta erosotasunez erostea”,
adierazi zuten Arbaso Artisautza Tradizionalaren Sustapenerako
Elkarteko bozeramaileek.
Pandemia ondoren, aurtengoa izan da
murrizketarik gabe ospatzen den lehenengo azoka, baina Euskal
dendaren
kasuan, edukiera baten
menpe dago,
esparru itxi batean baitago, merkatuko plazan, alegia. Zentzu
horretan, ekitaldiaren sustatzaileak zorrotzak dira zenbakiekin, eta
edukiera-mugara iristen bada, ez zaio inori sartzen uzten.
Egunak
kontuan hartuta, asteazkenean, inaugurazio egunean, 4.298 pertsona
igaro ziren, ostiralean, laneguna izanik 5.787 eta igandean 4.139
lagun
hurbildu ziren. Egunik indartsuenak, bisitari gehien izan zituztenak,
jaiegunetan izan ziren, ostegunean 11.089 pertsona gerturatu ziren
azokara eta larunbatean 7.758. Erregistro horien baturak 33.171
bisitari ematen du, eta edizio honetako jendetzak gorenera eraman du
Euskal denda.
Jakina, zenbaki horiek guztiak salmentetara
zabaldu dira. “Artisau
guztiek ondo saldu dute. Ez da inor nabarmendu besteen gainetik. Izan
ere, Euskal dendara bertaratzen diren artisauek publikoa dute eta
zoragarria da denak pozik daudela ikustea”.
Horrek etorkizunari aurre egiteko indarrak ematen dizkio
sektoreari.
Aurten 51 artisau hartu ditu Euskal dendak,
Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik eta Nafarroatik
etorritakoak, hain zuzen ere. Aurreko edizioetako profesional kopuru
bera, baina 14 berri izan dira, hau da, azokaren % 28 berritu
da.
Gremioei dagokienez, ehungintza izan da gehien batu duena,
orotara 11 izan dira. Ez dira falta izan bitxigintza, larrugintza,
imitaziozko bitxiak, kosmetika, egurra, zeramika, panpinagintza,
jostailuak, euskal kirola, makramea, serigrafia, kuia eraldaketa edo
lore lehorrekoa segmentuak. Nekazaritzako elikagaien sektorea ahaztu
gabe, turroiak, eztia, pateak, gaztak edo gozokiak, besteak
beste.
Dagoeneko Arbasok 27. edizioan jarri ditu begiak,
zenbaki horiek errepikatu eta produktu bakoitzean larrua uzten duten
profesionalak babestera etor daitezen.